Pertsonak jarduera ekonomikoaren erdigunean jartzeko beharra aldarrikatuko du Donostiako Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzak

Gero eta garrantzia sozial handiagoa duen esparru honen pisua ikusarazteko helburudun jarduera-programa aurkeztu dute gaur Hiriburutzaren aurkezpenean parte hartu duten sektoreko erakundeek.

27/02/2023

Pertsonak ekonomiaren erdigunean izango da 2023ko Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren leloa. Donostian egoitza duen Gureak gizarteratze-enpresan egin da gaur, otsailak 24, irekiera-ekitaldia, eta bertan izan dira Hiriburutza babesten duten lau erakundeetako ordezkariak (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua), baita gizartea egituratzeko eta kohesionatzeko duen ahalmenagatik, pisua eta garrantzia hartzen ari den Gizarte Ekonomiaren alorreko dozenaka enpresa, elkarte eta erakundetako arduradunak ere.

Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren Gizarte Ekonomia Sustatzeko Kontseiluarengandik jasotako izendapenaren helburua, hain zuzen, Gipuzkoako Gizarte Ekonomiaren enpresa-ehunari balioa ematea da, eta halako erakunde gehiagoren sorrera bultzatzeko eredugarri diren ekimen eta esperientziak ezagutaraztea.

Hiriburutzaren 2023ko agendak ekitaldi ugari izango ditu. Programa prestatzeko, elkarlanean aritu dira lurraldeko, Espainiar estatuko eta Europako Gizarte Ekonomiako eragileak, baita alor honetako hainbat enpresa eta erakunde esanguratsu ere.

Ekitaldian izan dira Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Juan Antonio Pedreño CEPES Gizarte Ekonomiako Espainiako Enpresarien Konfederazioko eta Social Economy Europe-eko presidentea, eta Rosa Lavin EGES Euskal Gizarte Ekonomia Sareko eta KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea.

Gureak-eko zuzendari nagusi Asier Vitoriak ongietorria eman die ordezkari politikoei zein saiora bertaratu diren Gizarte Ekonomiaren alorreko dozenaka arduraduni. Bertan izan dira, besteak beste, Mondragon Korporazioko Iñigo Ucín eta Leire Muguerza; Eroskiko zuzendari nagusi Rosa Carabel; Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa; CSCE Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidente Patxi Olabarria; ASLE Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteko presidente eta zuzendari Kepa Olivares eta Jone Nolte, hurrenez hurren; FUNKO Fundazioen Euskal Konfederazioko presidente Esther Irigaray; REAS Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareko lehendakariorde Ricardo Antón; EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteko koordinatzaile Pablo Moratalla, eta GIZATEA Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkarteko Gipuzkoako lehendakariorde Iune Polo.

Asier Vitoria Gureak-eko zuzendari nagusiak aurkezpenaren hasieran azpimarratu duenez, “Gure eguneroko jardunean, bete-betean gauzatzen dugu hiriburutzaren leloa, pertsonak jartzen baititugu erdigunean, eta ez hori bakarrik: lana aurkitzeko zailtasun gehien dituzten pertsonak kokatzen ditugu erdigunean, alegia, desgaitasun intelektuala duten pertsonak eta, geroz eta maizago, gaixotasun mentalak dituztenak”.

Pertsonak ekonomiaren erdigunean

Kapitalaren gainetik, pertsonei eta enpresaren helburu sozialari ematen die garrantzia Gizarte Ekonomiak. Jarduera ekonomikoaren bidez lortutako emaitzak, egindako lanaren eta bazkideek garatutako zerbitzu edo lanen arabera aplikatzen ditu, eta barneko zein gizartearekiko elkartasuna sustatzen du, tokiko eta lurraldeko garapenarekin duen konpromisoa berretsiz.

Gizarte Ekonomiaren aterkipean hainbat erakunde mota biltzen dira, hala nola, kooperatibak, lan-sozietateak, gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziak, laneratze-enpresak, desgaitasunaren mugimenduarekin eta bazterkeria-egoeran dauden pertsonak gizarteratzearekin lotutako elkarteak, fundazioak, arrantzale-kofradiak edo jarduera solidarioetako mutualitateak eta elkarteak. Aniztasun horrek ikaragarrizko balioa ematen dio taldeari.

Espainian, Gizarte Ekonomiaren garrantzia nabarmena da: 43.192 erakunde, zuzeneko eta zeharkako 2.184.234 lanpostu eta 21.625.063 bazkide daude egun.

Zentzu horretan, Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak nabarmendu du Gobernuak eredu ekonomiko horren eta haren eragin eraldatzailearen aldeko apustu argia egin duela. “Eredu horrek demokraziaren benetako esanahiarekin bat egiten du, eta pertsonak, kolektiboa, etorkizunerako irtenbide ekonomikoen muinean kokatzea lortzen du. Gainera, Donostia egoitza gisa aukeratzerakoan, Europako nazioarteko testuinguruan euskal Gizarte Ekonomiaren sareak eta hura definitzen duten elkarlan-, lankidetza-, inklusio- eta berdintasun-balioek duten pisuan eta garrantzian jarri nahi izan dugu arreta”.

Juan Antonio Pedreño CEPESeko eta Social Economy Europe-eko presidenteak adierazi duenez, “Gizarte Ekonomiaren enpresa-eredua Europako agendaren erdigunean eta nazioarteko erakundeen jomugan dago. 2023aren bigarren seihilekoan, gainera, Espainiak izango du Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentetza, eta Donostiaren Hiriburutza aukera paregabea izango da Espainiako Gizarte Ekonomiaren indarra Europako eta munduko gainerako herrialdeei erakusteko”.

Euskal Gizarte Ekonomia

Euskadiko Gizarte Ekonomia, nagusiki, esperientzia ekonomikoa da, enpresa- eta finantza-maila altua dituena, baita industria-jarduera garrantzitsua ere, eta elkarte-mugimenduarekin edo kontsumo-kooperatibekin lotura handiagoa duten munduko esperientzia gehienekiko ezberdina da.

Kooperatibismoa, zalantzarik gabe, lurraldearen ezaugarri nagusietako bat da: Euskadiko Gizarte Ekonomiako enpresen erdia baino gehiago kooperatibak dira, hamarretik lau industria-kooperatibak dira, eta enplegu-zentro berezietan lan egiten duten pertsonen erdia baino gehiago, industria-sektorean ari dira.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiak nabarmendu duenez, “Elkartasuna, lankidetza, lurraldean errotzea (mundura zabaltzeari uko egin gabe) eta langileen parte-hartzea, funtsezko balioak dira jarduera ekonomiko ororentzat, eta datozen urteetan bereziki kontuan hartu beharreko alternatiba bideragarri eta eraginkorra dira. Bada, Gizarte Ekonomiak berezkoak ditu balio horiek”.

EGESeko eta KONFEKOOPeko presidente Rosa Lavinek, aldiz, Gizarte Ekonomiako euskal enpresek industriaren alorrarekin duten loturan jarri nahi izan du arreta, erreferente baitira nazioartean: “Euskal enpresa-sarean, Gizarte Ekonomiak berrikuntza, industria eta gizarte arloko tasa nabarmen handiagoak ditu, eta Euskadiko garapen ekonomikoaren palanka eta bereizgarri nagusietako bat bilakatu da, gure ekonomia are lehiakorragoa egiten baitu. EAEko Gizarte Ekonomiaren ekarpena Euskadiko enpleguaren eta BPGren % 10 ingurukoa da, eta jarduera ekonomikoa pertsonen eta haien ingurunearen zerbitzura dagoela ulertzeko dugun modu berezi horri eusten dio”.

Gaur egun, Gizarte Ekonomiaren alorreko 2.100 enpresa eta 75.000 lanpostu daude Euskadin, eta 13.000 milioiko fakturazioa du.

Gipuzkoako Gizarte Ekonomia

Gipuzkoari dagokionez, Gizarte Ekonomiaren baitan egituratutako lurraldea dela esan genezake; izan ere, lurraldearen maila ekonomikoa eta kohesio soziala ezin dira bertan ezarritako enpresa kooperatibo garrantzitsuen presentziarik gabe ulertu. Gainera, kooperatiba-dentsitatea oso esanguratsua da eskualde jakin batzuetan, besteak beste, Debagoienean, Goierrin eta Donostialdean, eta parekorik ez duen enpresa-ingurunea osatzen dute, bertan finkatutako lan-sozietateek eta zaintzaren eta desgaitasunaren eremuetan jarduten diren gizarte-ekonomiako beste erakunde batzuek ere horretan laguntzen baitute.

Lurraldeko eta tokiko erakunde publikoak erabat konprometituta daude Gizarte Ekonomiarekin, eta bertatik eratortzen dira lurraldearen artikulazio sozial eta ekonomikoaren alderdi nagusiak, hala nola, parte-hartzea bultzatzea, agenda publikoa modu kolektiboan eraikitzea edo politika publikoak diseinatzeko eta esperimentatzeko lankidetza.

Izan ere, Gizarte Ekonomiak Gipuzkoako enplegu osoaren % 10,2 biltzen du, 44.000 langilerekin, eta industria-enplegu osoaren % 20,1 da.

Markel Olano ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, “Hiriburutza honen bidez, Gipuzkoan iragana, oraina eta etorkizuna dituen errealitate bat aitortu da, gure historian eta balioetan errotuta dagoena. Gure industria-garapenaren oinarrian dagoen partaidetza-eredua, eta enplegu babestuaren bidez, norbanakoak gizarteratzen lagundu duena. Esparru horietan jada erreferente gara, eta hiriburutzaren mugarria aprobetxatuz, indartzen jarraitu ahal izango dugu”. Hala, bazterketa-arriskuan edo -egoeran dauden pertsonen gizarteratzean eta laneratzean ere erreferente izateko helburua ezarri du Olanok; uneotan, Elkar-EKIN Lanean estrategiaren bidez ari da Aldundia alor horretan lanean.

Zergatik Donostia?

Donostia, Gipuzkoako hiriburu den aldetik, enpresa-elkarteen erreferente garrantzitsua da gaur egun. Lankidetza publiko-pribatua, ezagutza, berrikuntza eta oreka ekonomikoa erakartzearen alde egiten duten estrategiekin konprometituta dago hiria, pertsonak erdigunean jarriz. Gainera, Estrategia 2030ean islatzen den bezala, oreka hori, besteak beste, kooperazio- eta lankidetza-balioetan oinarritzen da. Hirian Gizarte Ekonomiaren hainbat adibide ditugu, berrikuntza eta abangoardia teknologiko eta kulturaleko eremuak jorratzen dituzten fundazio ugarirekin, eta desgaitasuna duten pertsonak eta kooperatibismoa gizarteratzeko eta laneratzeko zentroak ditu merkataritzaren, finantzaren edo/eta unibertsitateen alorretan.

Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, “Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzak pertsonak ekonomiaren muinean jartzea du helburu. Urtean zehar egingo diren ekintza eta jarduerek xede hori izango dute, eta Hiriburutzak, Donostia eta Gipuzkoaren erreferentzialtasuna zabaltzen laguntzeaz gain, gainerako eragile eta lurraldeekin esperientziak partekatzeko balioko du, ekonomiaren alor hau indartuz eta ezagutaraziz”.

Jardueren egutegia

Lurraldeko, Espainiar estatuko eta Europako eragileekin lankidetzan garatutako jardueren agendak ekitaldi ugari izango ditu. Gainera, Gizarte Ekonomiako elkarte adierazgarrienek hirian egingo dituzte haien urteroko batzarrak.

Programaren barruan, honako ekitaldi hauek nabarmentzen dira:

· Kooperatiben Nazioarteko Eguna. Uztailaren 1ean, Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentetza hartuko du Espainiak, eta lehen egun horretan, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, KONFEKOOPekin lankidetzan, Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatuko du, Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak eta Nazio Batuek Donostiatik igorriko duten ekitaldi batean.

· Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Goi-Bilera: Gizarte Ekonomiaren eragina eraldaketa-eragile gisa. Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak antolatuko du, Europako Batzordearekin, Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearekin, eta Eskualdeen eta Gizarte Ekonomiaren Europako Batzordearekin lankidetzan. Goi-bilera azaroaren 13an eta 14an izango da.

· Enpleguaren Azoka. Lanbidek antolatuko du, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzarekin batera, eta Gizarte Ekonomiako familia ezberdinetako enplegu-proposamenak bilduko dira.

· Partaidetzapeko Enpresen Eguna. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuko du, eta enpresetan eredu parte-hartzaileak sustatzeari eta ezartzeari buruzko ezagutza, errealitateak eta erronkak partekatzeko helburua izango du, atzerriko eta lurraldeko ikuspegietatik.

· Gizarte Ekonomiaren Europako Sariaren bigarren edizioaren banaketa. EGES eta Social Economy Europe erakundeek antolatuko dute, eta komunitateak babesten eta aberasten dituzten Gizarte Ekonomiako enpresen eta erakundeen lana sarituko du, gizarteari ekarpena eginez.

· Gizarte Ekonomiaren Jaialdia. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzak antolatuko du, Gizarte Ekonomiako familiekin elkarlanean.

· CSCEk antolatutako euskal kooperatibismoaren Denon Artean sariaren hirugarren edizioaren banaketa. Sariak balio kooperatiboak zabaltzen eta sustatzen egindako lana goraipatzen du.

Gainera, programak honako arlo hauekin lotutako ekitaldiak barneratuko ditu:

Industria

· Enpresa industrialetara bisitak. Ezkutuko txapeldunak diren (hau da, merkatuan ezkutuan dauden baina beren sektorean liderrak diren) Gizarte Ekonomiako enpresa industrialetara eta B2B (Business to Business) enpresetara bisitak.
· Gizarte Ekonomiaren industriaren topaketa, fokua turismoan jarrita (MONDRAGON Hospitality + ILUNION Hoteles).

Ikerketa

· Ikerketa-enpresen zabalkundea. Teknologia- eta ikerketa-zentroen sarea, neurri handi batean, irabazi-asmorik gabeko erakundeek osatzen dute. Donostian, eta baita Gipuzkoan ere, oso kontzentratuta daude I+G+b sisteman eragin handia duten zentro horiek.

Zabalkundea

· Gizarte Ekonomiari buruzko elkarrizketak, nazioarteko gonbidatuekin.
· Ikasleentzako elkarrizketa-jardunaldiak.
· Euskal kooperatibismoari buruzko EHUren eta UEUren udako ikastaroak.
· Gizarte-ekonomiak lurraldean duen eraginari buruzko jardunaldiak.
· Europako Parlamentuko Intertaldearen bilera.

Interesgarria ere izan dakizuke