Konfederazioak balantze positiboa egin du 2022. urteaz. Izan ere, KONFEKOOP hazi egin da jarduerari, eraginari, kooperatiba-kopuruari eta enpleguari dagokienez, nahiz eta egoera geopolitiko berriak eragin kaltegarria izan —nazioarteko ordena birdefinitzen ari den Ukrainako gerra, produkzio-ereduak, hornidura-kateak eta ondasun eta elikagaien banaketa—.
KONFEKOOPeko lehendakari Rosa Lavin harro agertu da kooperatiben sektore ekonomikoaren ordezkari izateaz, lehendakariarekin batera Batzarrari hasiera emateko egindako hitzaldian. Haren esanetan, «kooperatibismoa gai da bizi ditugun aldaketa azkarrei eusteko, eta, ez hori bakarrik, moldatu egiten da eta irtenbide berritzaileak eskaintzen ditu, Euskadi abangoardian kokatzeko, herrialde oparo eta kohesionatua izan dadin».
KONFEKOOPeko lehendakariak ziurtzat jo du euskal kooperatiben konfederazioa Euskadiko sektorearteko enpresa-elkarterik ordezkagarrienetako bat dela, eta, horren jakitun izanik, garapen ekonomiko eta sozialari ekarpena egiteko beharra duela. «Enpresa kooperatiboen ahotsa, ezagutza eta esperientzia erabakiak hartzen diren leku guztietara iristea nahi dugu», azpimarratu du.
Gaur egun, legegintzaldi honetan sustatzen ari diren arau-aldaketetan ari da parte hartzen Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa; Estatuko Enplegu Legean, Euskal Enplegu Legean eta Euskal Hezkuntza Legean, besteak beste.
«2023an hazten jarraituko dugu.Elkartutako kooperatiben kopurua handitzen jarraitu nahi dugu, eta, jakina, enplegu duina eta kalitatekoa sortu nahi dugu», amaitu du konfederazioko buruak.
Azkenik, arlo sektorialen deskargua egin ostean, hitzaldi batekin amaitu da Konfekoopen Batzarra. Iván Martén Uliarte energia- eta ingurumen-sektoreko adituak eman du «Transición energética e impacto en la competitividad» (trantsizio energetikoa eta lehiakortasunean duen inpaktua) izenburupean.