Bertan izan ziren Maravillas Espín Espainiako Gobernuko Lan Autonomoaren, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren zuzendari nagusia; Elena Perez Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea; Mikel Larrea EROSKIko Komunikazio eta Harreman Korporatiboetako zuzendaria; eta Iñigo Albizuri Mondragon Korporazioko Erakunde Harremanetarako zuzendaria.
Donostiako Estrategia Bulegoak adierazi zuen jardunaldiak agerian utzi zuela “gizarte-ekonomiaren balio soziala eta gizarte-ekonomiako enpresen eta enpresa-ereduen garrantzia.” Food Coop kooperatibak 50 urte egingo ditu eta beharren aurrean erantzuteko, taldean elkartu eta alternatibak bilatzeak emaitza berezi bezain ederrak ekarri ditzakela erakusten duen adibide garbia da.
Gizarte Ekonomia Hiriburutzari aitortza eta lurraldearen erreferentzialtasuna
Gizarte Ekonomiari lotuta, euskal lurraldearen berezitasuna azpimarratu zuen Maravillas Espinek, eta horrek bultzatuta egin zutela Donostiaren izendapena. Elena Perezen hitzetan, nabarmendutako helburuetatik haratago, Hiriburutzak badu beste asmo garrantzitsu bat: nazioarteari ez ezik, euskal gizarteari ere ekonomia eredu honen balioa eta enpresa-sarean duen pisua ikusaraztea.
Mikel Larreak azaldu duenez, gainera, hezkuntzari, energiari eta elikadurari lotutako kontsumo kooperatibak dira nagusi gurean, gizartean detektatutako beharrei erantzuteko sortzen joan direnak, eta Iñigo Albizurik, Mondragon Korporazioak nazioartean sustatzen dituen proiektuez gain, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak argitaratutako 2023ko Txostenaren berri eman zuen; bertan, ekosistema kooperatiboen eredu gisa nabarmentzen dira Kibbutz-en mugimendua eta Mondragon Korporazioa.