Eider Mendoza “langileen parte-hartzea lurraldeko ehun ekonomiko eta industrialaren indargune handi bat da eta, batez ere, etorkizunerako balio bat”

822 pertsona, 558 gizon eta 264 emakume, Gipuzkoako 116 enpresaren jabegoan sartu ziren joan den urtean, Aldundiaren pizgarri fiskalen laguntzarekin, eta ia 6,4 milioiko inbertsioa egin zuten horretarako.

23/11/2023

Orain arteko zifrarik altuenak dira, bai langileei dagokienez, bai konpainia kopuruari dagokionez, 2016an parte-hartzea sustatzeko Foru Araua onartu zenetik, eta % 34ko igoera izan da onuradunen kasuan aurreko urtearekin alderatuta, orain arteko errekorra gaindituz. Zerga-araudi hori indarrean egon den zazpi urteetako emaitza metatuei erreparatzen bazaie, 548 enpresa dira, 3.172 pertsona, eta horiek 39,1 milioi euroko inbertsioa egin dute guztira.

Zerga pizgarri horien balantzea Chillida-Lekuko Zabalegi baserrian Aldundiak antolatzen duen Partaidetzaren Egunaren hirugarren edizioaren baitan egin da. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak foru erakundeak alor horretan egindako apustua eta bere politiken emaitzak partekatu dituzte bertan lurraldeko enpresa-, politika-, sindikatu- eta gizarte-ordezkariekin. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatua ere bertan izan da. Orobat, Sabin Azuak hitzaldia eskaini du jardunaldian, “Pertsonen komunitateak. Abantaila lehiakorrak sortzen” izenburupean. Ondorengo mahai-inguruan, berriz, Smartlog, Sutargi eta Mondragon Corporation enpresek partaidetzak talentu iraunkorrerako funtsezko elementu gisa jokatzen duen papera jorratu dute.

Jardunaldiaren hasieran, Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi du langileen parte-hartzea “lurraldeko ehun ekonomiko eta industrialaren indargune handi bat” dela. “Errealitate horrek garrantzi handia du orainaldian, baina, batez ere, etorkizuneko balio garrantzitsua du, gure ehun ekonomikoa eta industria fisikoa bultzatzen laguntzen baitu”. Ildo horretan, Mendozak gogorarazi du parte-hartzea bultzatzeak “enpresen lehiakortasuna” hobetzen duela, “enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa” sortzen duela, eta, gainera, “funtsezko tresna” dela “konpainien errotzea areagotzeko”.

Horregatik guztiagatik, Mendozak “oso positiboki” baloratu du “Gipuzkoak esparru horretan egindako ibilbide kolektiboa”, bai eta “hori bultzatzeko abian jarritako neurrien emaitzak ere. Gero eta berritzaileagoa, mundura irekiagoa, iraunkorragoa den enpresa-eredu bat defendatzen dugun bezala, erakundeen partaidetza-kulturan sakondu behar dugu, egungo munduak planteatzen dizkigun eraldaketei berme handiagoz aurre egin ahal izateko”. Diputatu nagusiak konpromisoa hartu du “ahalik eta gehien sakontzeko Aldundiaren zerga-eskumena eta laguntza-programetan, Gipuzkoa partaidetza bere antolaketa- eta enpresa-kulturan integratzeko egiten ari den ahaleginari jarraipena emateko, bai eta belaunaldi-erreleboko egoera baten edo zuzendaritza-aldaketa baten aurrean bere enpresetan parte hartzea erabakitzen duten langileen ahalegina babesteko ere”.

Bestalde, Ane Insaustik gaineratu du “kultura parte-hartzailea funtsezko eraldaketa-prozesuei ekiteko palanka bat” ere badela enpresetan, “hala nola kontziliazio erantzukideari, berrikuntzari, barne-ekintzailetzari edo talentuari. Azken horri dagokionez, enpresa-proiektu erakargarriak behar ditugu talentua fidelizatzeko eta erakartzeko. Eta enpresa osatzen dutenen hazkundea eta inplikazioa bultzatzen duen proiektua beti izango da erakargarriagoa, horretarako aukerak ematen ez dituena baino”.

Haren esanetan, “badugu tradizio bat, kultura bat esparru honetan, indargune nabarmena dena. Badugu lan ona egiten duen akonpainamendu ekosistema bat. Badugu ibilbide luze bat egina, Europa mailan aitortua izan dena, arrakasta-kasu gisa. Baditugu apustu garrantzitsuak egiten dituzten enpresak eta pertsonak, etorkizunaren alde, eta epe luzeko ikuspegiarekin. Baina ziurgabetasunez betetako testuinguru bat ere badugu, erantzunak baino gehiago galderak planteatzen dituena. Esperientziak erakusten digu partaidetza-ereduetan oinarritutako enpresek hobeto erantzuten dietela krisiei eta ziurgabetasun-garaiei. Baina ezin gara konformatu. Urratsak ematen jarraitu behar dugu, apustuak egiten, eta elkarrekin ikasten, elkarlanetik abiatuta”.

Jatorrizko edukia ikusi

Aurkezpen osoa ikusi

También te puede interesar