Categoría: Sin categoría

  • Food Coop dokumentala Donostiako Zinemaldian

    Bertan izan ziren Maravillas Espín Espainiako Gobernuko Lan Autonomoaren, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren zuzendari nagusia; Elena Perez Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea; Mikel Larrea EROSKIko Komunikazio eta Harreman Korporatiboetako zuzendaria; eta Iñigo Albizuri Mondragon Korporazioko Erakunde Harremanetarako zuzendaria.

    Donostiako Estrategia Bulegoak adierazi zuen jardunaldiak agerian utzi zuela “gizarte-ekonomiaren balio soziala eta gizarte-ekonomiako enpresen eta enpresa-ereduen garrantzia.” Food Coop kooperatibak 50 urte egingo ditu eta beharren aurrean erantzuteko, taldean elkartu eta alternatibak bilatzeak emaitza berezi bezain ederrak ekarri ditzakela erakusten duen adibide garbia da.

    Gizarte Ekonomia Hiriburutzari aitortza eta lurraldearen erreferentzialtasuna

    Gizarte Ekonomiari lotuta, euskal lurraldearen berezitasuna azpimarratu zuen Maravillas Espinek, eta horrek bultzatuta egin zutela Donostiaren izendapena. Elena Perezen hitzetan, nabarmendutako helburuetatik haratago, Hiriburutzak badu beste asmo garrantzitsu bat: nazioarteari ez ezik, euskal gizarteari ere ekonomia eredu honen balioa eta enpresa-sarean duen pisua ikusaraztea.

    Mikel Larreak azaldu duenez, gainera, hezkuntzari, energiari eta elikadurari lotutako kontsumo kooperatibak dira nagusi gurean, gizartean detektatutako beharrei erantzuteko sortzen joan direnak, eta Iñigo Albizurik, Mondragon Korporazioak nazioartean sustatzen dituen proiektuez gain, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak argitaratutako 2023ko Txostenaren berri eman zuen; bertan, ekosistema kooperatiboen eredu gisa nabarmentzen dira Kibbutz-en mugimendua eta Mondragon Korporazioa.

  • Ekintzailetza kooperatiboa, ekiteko modu sendo eta iraunkorragoa

    Eusko Jaurlaritzak LKS Next Legal enpresarekin antolatu zuen topaketa Donostiako Gizarte Ekonomia Hiriburutzaren programaren barruan.

    Topaketan gizarte ekonomiaren alorreko profesional eta adituak bildu ziren, eztabaida sortzeko eta ekonomia sozialaren aldeko apustua eta, zehazki, enpresa berriei ekiteko formula kooperatiboaren ahalmenak balioesteko helburuarekin.

    Jardunaldian ekintzailek euren proiektuak martxan jartzerako garaian izan zituzten erronkak aipatu zituzten, besteak beste, finantzaketa iturrien gaia. Hala ere, kooperatibak lan-ingurune kolaboratiboagoa eta komunitate-zentzu handiagoa eman diela eta honek proiektuari sendotasuna eta iraunkortasuna ematen diola azpimarratu zuten.

    Era berean, finantzen eta zuzenbidearen inguruan aritu ziren hizlariak. Gaur egun, kooperatiba-formula urruna izaten jarraitzen du erakunde batzuentzat, eta horrek ekintzaileek beste formula batzuk aukeratzea eragiten du.

    Hala ere, enpresa berrien sorkuntzan kooperatiba eredua egokia eta malgua dela erakutsi da, eta gero eta hurbilago dago banketxeetatik eta hauek lehenesten dituzten enpresa baloreetatik. Aldeko eta kontrako ikuspegiak azertu ostean, nabarmen azaleratu zen ekintzailetza kooperatiboa enpresa justuago, arduratsuago eta jasangarriagoak sortzeko formula dela eta “egungo enpresa eta testuinguru soziala eraldatzeko gaitasuna duena”.

  • Pertsonen parte-hartzea enpresen energia-trantsizioan jardunaldia antolatu zuen ASLEk udako ikastaroetan

    Langileek energia berriztagarriak instalatzeko proiektuetan parte hartuz beren enpresen energia-trantsizioari laguntzeko ekimenak aurkeztea izan zuen ardatz ikastaroak. Horrela, langileei aukera ematen zaie haien finantzaketari laguntzeko eta proiektu horien ondoriozko onura ekonomikoen partaide izateko.

    Eredu berri horiek langileen eta erakundeen arteko lotura indartzen dute eta, aldi berean, inbertsio arduratsuaren proposamen interesgarriak dira. Horrelako proiektuak, aukera ere badira autokontsumoa egiten ez duten pertsonek inbertsio-modu hau ezagutzeko eta honen errentagarritasuna ikusteko.

    Jardunaldia Anabel Yoldi eta Iñigo Soto ASLEren ordezkariekin hasi zen. Anabelek aukera aprobetxatu zuen parte-hartzaileei eskerrak emateko eta erakundeetatik horrelako proposamen eta proiektuak lantzearen garrantzia nabarmentzeko. Iñigo Soto arduratu zen jardunaldiko hizlariak aurkezteaz.

    Sinnple enpresako Iñigo Benedicto izan zen ikastaroko lehen hizlaria. Iñigok iraunkortasunaren eta ingurumenaren arloan gizartea nola eraldatzen ari den azaldu zuen, eta arlo horretan funtsezko estrategiak praktikan jartzearen eta lehen pertsonan horrelako esperientziak bizitzearen garrantzia azpimarratu zuen.

    Ecooo enpresako Mario Sánchezek eta Héctor Pastorrek autokontsumoaren garrantzian, definizioan eta bideragarritasunean jarri zuten arreta. Autokontsumo sozializatuaren kontzeptua ere aipatu zuten, eta egiteko modu honen bideragarritasunaren eta enpresek  langileekiko eta lurraldearekiko sortu dezaketen loturari dagokion onuren inguruan aritu ziren.

    Azkenik, jardunaldiari amaiera eman aurretik, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten Katealegaia SLLn egindako proiektu pilotua, erakundeko kalitate-teknikari Maia Unzuetaren eskutik. Orain arte Hernani, Tolosa eta Zarauzko instalazioetan lortutako emaitzak azaldu eta aurkeztu zituen Maiak.

    Udako ikastaroa Iker Estensoro itxi zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurunearen Departamentuko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak.

  • “Atzoko eta gaurko euskal kooperatibismoa ekonomiaren eragile” udako ikastaroaren balorazioa oso positiboa izan da.

    Bertaratutakoen artean, batez ere, unibertsitateko ikasleak, unibertsitateko irakasleak eta kooperatibismoaren arloan lan egiten duten pertsonak egon ziren. Aurrez ezagutzarik edo esperientziarik izan gabe ikastaroan interesa agertu zuten pertsona batzuk ere bertaratu ziren.

    Belén Balerdi Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari nagusiak nabarmendu zuen ikastaro hau lehenengo esperientzia izan dela Udako Ikastaroen formatuan, eta balorazioa oso positiboa izan da, bai bertaratuen kopuruagatik, bai bertaratu ziren pertsonen profilagatik. Halaber, eskerrak eman dizkie Euskal Herriko Unibertsitateari, Mondragon Unibertsitateari eta Deustuko Unibertsitateari ikastaroa aurrera eramatea posible egin izanagatik.

    Euskal kooperatibismoa erreferentea da nazioartean. Ikastaro hau bidaia bat izan zen kooperatibismoaren historian murgiltzeko, enpresa egiteko eredu honek oinarri dituen balioak eta printzipioak ezagutzeko, Euskadiko kooperatibak zein sektoretan dauden aztertzeko eta gaur egun dituen erronka nagusien inguruan hausnartzeko.

    Jardunaldian kooperatibismoaren munduko hainbat pertsona erreferentek hartu zuten parte, bai hitzaldietan eta baita “Kooperatibismoaren etorkizuneko erronkak” mahai-inguruan ere.

  • Estrategia Bulegoak antolatutako TOPAKETAk agerian utzi ditu euskal gizarte-ekonomiaren berezitasuna, balioa eta eragina

    Donostiako alkate Eneko Goiak zabaldu zuen ekitaldia hiriburutzaren leloari aipamena eginez, Pertsonak ekonomiaren erdigunean, “gure asmoen adierazpena da, eta lurralde osora zabaldu nahi dugu”. Goiaren hitzetan, gizarte ekonomia ezezaguna da oraindik sektore askorentzat, ez baitituzte haren esanahia eta garrantzia ezagutzen; “Horregatik, gaur entzungo ditugun esperientziak akuilu izatea gustatuko litzaidake, gure ekonomiari hainbesteko balioa ematen dioten ekimenak garatzen jarraitzeko”.

    Kepa Korta Estrategia Bulegoko zuzendariak azpimarratu zuenez, “Ekonomia sozial eta solidarioaren balioak bultzatzea, hala nola, kohesio soziala eta integrazioa, hiriaren E2030DSSk estrategiak jasotzen duen 15 helburu estrategikoetako bat da”. Kortak gizarte ekonomiako sei familietan jarri zuen arreta: kooperatibak, fundazioak, lan-sozietateak, ekonomia solidarioko enpresak, gizarteratze-enpresak eta laneratze-enpresak. Familia horiek askotariko ekonomia defendatzen dute, demokratikoa, iraunkorra eta integratzailea.

    Topaketak formatu mistoa izan zuen, eta horri esker, 120 lagun baino gehiago konektatu ziren streaming-era.

    Hurbilketa teorikoa

    Ekonomian doktore, GEZKIko kide eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Sozial eta Solidarioa masterraren arduradun Enekoitz Etxezarreta Etxarrik hartu zuen hitza jarraian, gizarte ekonomiaren mugarri nagusien ibilbide historikoa egiteko; 1844an Rochdalen sortutako lehen kontsumo kooperatibatik hasita, Europan eta mundu osoan bizitzen ari den momentum-era arte. Ondoren, euskal gizarte ekonomiaren berezitasunak, haien lantaldetik proposatzen dituzten printzipioen birformulazioa eta gizarte ekonomiaren eragina izan zituen hizpide.

    “Gure lurraldeko ekonomia soziala berezia da duen enpresa-muskuluagatik, gure mugetatik kanpo ekonomia soziala batez ere kontsumoko edo nekazaritzako kooperatibetan zentratuta baitago. Euskal Herria oso herri industriala da, kooperatiba-tradizio handikoa, eta bi faktore horiek elkartzeak enpresa-eredu oso indartsuak sortu ditu”. Etxezarretak azaldu zuenez, enpresa horiek hiru mailatako konpromisoak hartzen dituzte: mikro (pertsonak erdigunen jartzen dituzte), meso (erakunde kolektibo eta demokratikoak dira) eta makro (ingurunearekin konprometituak). Hiru konpromiso horien bidez, izaera soziala aldarrikatzen duten gainerako enpresa tradizionaletatik erraz bereizi daitezke. Amaitzeko, egungo gizarte ekonomiaren eta haren etorkizunaren definizioari buruzko gogoeta batzuk azaleratu zituen.

    Esperientzia esanguratsuak

    Ondoren, gizarte ekonomiako zortzi enpresatako ordezkariek beren proiektuak azaldu zituzten, ideien eta ezagutzen arteko truke aberasgarria sortuz:

    Joxean Hernandez, Impact Hub Donostiako zuzendaria.

    “2008ko krisi ekonomikoaren ondoren, gizartea eraldatzeko asmoa genuen lagun talde bat elkartu egin ginen, Donostian berrikuntza soziala sustatuko zuen lan-espazio partekatu bat sortzeko. 2012an nazioarteko Impact Hub sarearekin bat egin genuen, eta 2013an Impact Hub Donostia S. Coop irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu genuen, mota horretako munduko Impact Hub bakarra. Gaur egun, 17 bazkide kooperatibista gara, horietatik 6 liberatuta gaude eta Tabakaleran daukagun coworking gunean egiten dugu lan. Era berean, enpresa-ideia eta -proiektu berritzaile eta kolaboratiboak garatzen laguntzeko beharrezkoak diren loturak sustatzen eta laguntzen dugu, eta sortzen ditugun irabazien % 95 kooperatiban geratzen da”.

    Alberto Gastón, EMAUS Taldeko Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza Zerbitzuaren koordinatzailea.

    “Gizartearen gehiengoak gure izebergaren punta ezagutzen du, hau da, hondakinen kudeaketan egiten dugun lana; baina EMAUS Fundazioak prozesu eraldatzaile indibidualak zein kolektiboak sustatzen eta laguntzen ditu, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-esparruetan. Gure lana bi ardatzetan banatzen da: batetik, esku-hartze soziala eta zerbitzuen kudeaketa, eta, bestetik, ekonomia solidarioa, laneratzeko eta hondakinak kudeatzeko enpresekin lotuta. Eredu neoliberala halabeharrez jaso dugun zerbait dela oinarri hartuta, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa aldarrikatzen dugu. Gure langileen % 75ek gizarte-bazterkeriako errealitateak dituzte”.

    Sara Jaurrieta, Matia Fundazioko Antolakuntza Garapeneko zuzendaria.

    “Matia irabazi asmorik gabeko fundazio pribatua da, eta 130 urtetik gorako esperientzia du Gipuzkoan zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen. Zentzuz bizitzea da gure helburua laburbiltzen duen leloa, eta balio nagusiak jarrera positiboa, komunikazio irekia, konfiantza eta lankidetza dira. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta horregatik, Matiak pertsona bakoitzaren beharrak errespetatzen dituen laguntza pertsonalizatua eskaintzen du. Osasun-, egoitza-, komunitate- eta ikerketa-arloetan lan egiten dugu, bost eta hamar urte bitarteko epean egoitzei buruz hitz egitetik etxebizitza arruntei buruz hitz egitera pasatu gaitezen”.

    Pablo Nuñez, Katealegaiako zuzendaria.

    “Katealegaia lan-sozietate bat da, eta bi alderdi uztartzen ditugu: desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua sortzeko eta mantentzeko dugun funtzio soziala; eta enpresa liderrekin lankidetzan aritzen den industria-hornitzaile gisa dugun zeregina. Gaur egun, 12 ekoizpen-planta ditugu Gipuzkoan eta 1.000 langile. Lanbideren zentro laguntzailea gara desgaitasuna duten pertsonentzat, eta desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa errazteko eta bultzatzeko, bitartekaritza-zerbitzua eskaintzen dugu. Gainera, antolaketa-eredu berezia dugu, proiektuan parte hartzen eta laguntzen duten erakundeen konpromisoari esker”.

    Marian Tapia, Zorrotz Legazpiko gerentea.

    “Zorrotz 60 urteteik gorako ibilbidedun familia-enpresa bat zen, materialak mozten espezializatua; eta 2008ko krisi ekonomikoaren eta belaunaldien arteko errelebo faltaren ondorioz, lan-sozietate izatera igaro zen. Enpresa lehiakideei saltzeko aukerak egon baziren ere, langileok hura eskuratzeko eta eraldatzeko aukera izan genuen, ASLE Euskadiko Lan Sozietateen Elkartearen laguntzarekin. Gaur egun, 45 langile inguru gara, eta horietatik % 90 baino gehiago bazkideak gara”.

    Angelica López, Tecnaliako Zaintza Teknologikoko eta Negozio Inteligentziako taldeko arduraduna.

    “Tecnalia irabazi asmorik gabeko fundazio pribatua da, eta oso xede eta ikuspegi soziala ditu; izan ere, teknologiaz gain, oparotasuna eta eragin ekonomikoa bilatzen ditugu. Gainera, gure kudeaketa-ereduaren barruan, GJHekin bat datozen jarduera-eremuak txertatu ditugu. Gaur egun 1.500 langile gara, eta gehienok hiru egoitza nagusitatik egiten dugu lan. Gurea sektore maskulinizatua bada ere, plantilla parekidea dugu, baita zuzendaritza mailan ere, eta bezeroei eta administrazioari orientazioa eskaintzen diegu trantsizio teknologikorako aukerak ikusten laguntzeko”.

    Aitor Uriondo, Axular Lizeoaren zuzendaria.

    “Axular Lizeoa, Euskal Herriko ikastola gehienak bezala, gizartearen bultzadari esker eta honen beharrei erantzuteko helburuarekin sortu zen. Pertsona talde bat izatetik elkarte izatera igaro ginen, familia kooperatiba bihurtzeraino, ez bakarrik maila juridikoan, baita erabakiak hartzerakoan ere, izaera kooperatiboa baitugu. Eta etorkizunak zer ekarriko digun ez dakigun arren, oso argi dugu nolako pertsonak prestatu nahi ditugun: pertsona autonomoak, euskaldunak, kooperatiboak, sortzaileak eta pentsamendu analitiko-kritikodunak”.

    Iñaki Zabaleta, Badia Berriko zuzendaria.

    “Gure jarduera nagusia eskulanean prozesu industrial intentsiboak azpikontratatzea da, bereziki, kautxuzko piezei bizarra kenduta, eta gure helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten Oarsoaldeko pertsonak laneratzea da. Langileen kontziliaziorako erraztasunak eskaintzea, kultura-aniztasuna, Oarsoaldeko Garapen Agentziarengandik jasotzen dugun laguntza eta gure enpleguen dibertsifikazioa dira gizarte-ekonomiako enpresa gisa nabarmentzen gaituzten ezaugarriak”.

    Gizarte-ekonomiaren etorkizuna

    Eguerdiko etenaldiaren ondoren, arratsaldeko eztabaidak gizarte ekonomiaren etorkizuna izan zuen aztergai. Iñigo Albizuri Mondragon Korporazioko harreman instituzionaletako zuzendariaren; Asier Vitoria Gureak-eko zuzendari nagusiaren; Esther Irigaray Aquarium Donostiako zuzendari eta Fundazioen Euskal Konfederazioko presidentearen; eta Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluuko lehendakari eta Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakariordearen arteko solasaldia moderatu zuen Kepa Kortak.

    Albizurik umorearen bidez azaldu zuen Mondragon Korporazioaren izaera: “Ingeniari gisa, Mondragon Korporazioa fisikaren legeen aurka doala esan ohi dut, zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta gutxiago ikusten baita. Baina ez hori bakarrik: Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua ere rara avis bat da, beste inon ez baitira erakundeak, unibertsitateak eta enpresak elkartzen gizarte ekonomia sortu eta bultzatzeko.

    Gizarte ekonomiako erakundeen euskal sare zabala eragin duten faktoreei buruz galdetuta, Vitoriak hiru nabarmendu zituen: lurraldearen tamaina, herritarrek gizarte-premiei erantzuteko duten iniziatiba, erakundeek esku hartu arte itxaron gabe; eta euskal enpresek etekinak enpresan inbertitzeko duten joera, “hemendik kanpo ez baita horren erraz ulertzen”. Albizurik, bere aldetik, laugarren elementu bat gehitu zuen: euskal gizarteak industriaren alde egindako apustu kolektiboa.

    Vitoriak, gainera, Gureak-ek eraginari buruzko xehetasunak eman zituen: “EHLABE elkartetik saiatu gara enpresaren balio sozial integratua kuantifikatzen. Atentzioa ematen duen lehen datua da zergetan bakarrik (BEZa, PFEZa, etab.) sistemak emandako euro bakoitza itzultzen dugula; kotizazio gabeko pentsioak sartzen baditugu, aldiz, ratio hori 1-2 bihurtzen da, hau da, bi euro itzultzen dizkiogu sistemari gugan inbertitzen duen euro bakoitzeko. Baina, horrez gain, merkatuan kuantifikatzeko askoz zailagoak diren beste gizarte-adierazle batzuk ere kontuan hartzen baditugu, hala nola, Gureak-eko langileak ez direla eguneko zentroetara joaten, lanean ari diren bitartean senideek ez dituztela zaindu behar, etab., egiten dugun ekarpena askoz ere handiagoa da.

    Irigarayk, bere aldetik, fundazioek gizarte ekonomiako beste forma juridiko batzuekiko duten balio diferentzialean jarri zuen arreta: “Fundazioek helburu publiko bat lortzen laguntzen dute, hau da, ezagutza sortzea eta ezagutza hori gizarteari eskaintzea. Gainera, irabazi asmorik gabeko enpresak dira, beren produktuak merkaturatu nahi ez dituztenak; eta horregatik, merkatuaren joeretatik haratago funtzionatzen dute, eta soberakin guztiak banatzen dituzte erakundearen helburua lortzeko”.

    Etorkizuneko erronkei buruz galdetuta, laurek adierazi zuten beharrezkoa dela gizarte ekonomiaren balioak gazteei hurbiltzea. Olabarriak azpimarratu zuenez, “Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilutik egin ditugun inkesten bidez ondorioztatu dugu gazteek kooperatibismoa ezagutzen dutela, haien balioekin lerrokatuta daudela, eta, gainera, lana aukeratzeko garaian garrantzitsutzat jotzen dituzten hainbat ezaugarri biltzen dituela, hala nola, kontziliatzeko aukera edo barne-erabakiak hartu ahal izatea”. Laurek ondorioztatu zuten gako nagusia kolektibo horrengana hurbiltzeko dela, gazteriaren berezko grinarekin konektatzeko eta etorkizunerako eredu eta aukera berriak sortzeko.

    Ekitaldiaren BIDEOA

  • Gizarte Ekonomian gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorraren aldeko ibilbide-orriaren aurkezpena

    Talde hori osatzen duten 26 emakumeetatik, 15ek lotura zuzena dute CEPESen elkarte-ehunarekin edo CEPESen Zuzendaritza Batzordeko kontseilariak dira, besteak beste Leire Muguerza, Rosa Lavín eta Jone Nolte, Euskadiko ordezkariak. Lantalde horren lehen bilera martxoaren 27an izan zen, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioan, dokumentua egiteko. Dokumentu hori Gizarte Ekonomiaren Espainiako Estrategiaren (2023-2027) ildotik ari da lanean (berriki argitaratu da BOEn), eta, bereziki, Gizarte-ekonomian genero-berdintasunean aurrera egitea izeneko 14. jardunarekin.

    Egun horretan bertan sinatu zen, halaber, Espainiak eta Senegalek gizarte-ekonomia sustatzeko lankidetza estuan aritzeko duten borondatea jasotzen duen asmo-aitorpenaren dokumentua. Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak eta Victorine Anquediche Ndeye Senegalgo Mikrofinantzetako eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko ministroak sinatu zuten akordioa. Juan Antonio Pedreño CEPESeko presidentearen ustez, egungo erronkei erantzuten dien enpresa-eredu bat bultzatzeko urrats bat gehiago da, Gizarte Ekonomiaren nazioarteko hedapena zabalduz.

  • Goteborge Europako ekonomia sozialaren epizentroa izango da ekainaren 7an, 8an eta 9an

    • Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Konferentzia, REVES, CECOP eta Social Economy Europe-rekin lankidetzan antolatua, Goteborgeko Unibertsitateko Negozio, Ekonomia eta Zuzenbide Eskolan egingo da.
    • Ekitaldian zehar, gizarte-ekonomiaren arloko Europako eragile eta aditu garrantzitsuenek Europa indartsuago eta erresilienteago baten sorreran gizarte-ekonomiak duen papera azalduko dute.
    • Juan Antonio Pedreño Social Economy Europe eta CEPESeko presidenteak “Zergatik da garrantzitsua gizarte ekonomiaren garapena babesten jarraitzea?” mahai-inguruan parte hartuko du.
    • Programa eskuragarri dago esteka honetan: https://socialeconomy2023.com/program /

    CEPES-Madrid, 2023ko maiatzaren 31a.- Suediako Goteborgeko hiriak Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Konferentzia hartuko du ekainaren 7, 8 eta 9an, Europa indartsuagoa eta erresilienteagoa eraikiz 2023 izenarekin, EBko Kontseiluaren Suediako lehendakaritzarekin batera.

    Ekitaldia Europako adituekin lankidetza estuan planifikatu da, eta Gizarte Ekonomiako Europako Ekintza Planean eta horren ezarpenean oinarritzen da. Bertan, Social Economy Europe (SEE) erakundeko presidenteak (eredu hori Europan ordezkatzen duen erakundea) eta CEPESeko (sektoreko Espainiako patronala), Juan Antonio Pedreñok ostegunean, hilak 8an parte hartuko du. Hain zuzen ere, Pedreñok, Zergatik da garrantzitsua gizarte ekonomiaren garapena babesten jarraitzea? mahai-inguruan parte hartuko du.

    Bertan, gizarte ekonomiaren garapena babesten jarraitzeko arrazoiak azalduko ditu, Europako gizarte ekonomiako eragileekin batera: Patrizia Toia eurodiputatua eta Gizarte Ekonomiako Taldearteko presidentea; Victor Meseguer Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioko Gizarte Ekonomiako Ordezkari Berezia; Alain Coheur Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeko kidea; Diana Ghinea Coompanion Gothenburgeko Garapen Estrategikoko zuzendaria; eta Carl Forsberg Västra Götaland Eskualdeko Gizarte Ekonomiako Kontseiluko presidentea.

  • REAS Euskadi-ko Zuzendaritza Batzordea 2023

    Ingurumen-ekimen honen bidez, gainera, zaurgarri egoeran edo/eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei zuzendutako lanpostuak eskaintzen dizkiete gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuetan laguntzen dutenei.

    Gure sareari ekimen berriak gehitzeaz eta REAS Euskadi osatzen dugun erakundeak zabaltzeaz eta dibertsifikatzeaz gain, lan-saio honen helburua izan da gobernantza-eredu berri bat definitzea gure sarean, ekonomia solidarioaren balioekin eta printzipioekin bat datorrena, koordinazio-egitura horizontal, autogestionatu eta erantzunkidea sendotuz.

  • KONFEKOOPek berretsi egin du Euskadiko sektorearteko enpresa-elkarterik adierazgarri eta garrantzitsuenetakoa dela, 2022ko emaitza positiboen ostean

    Konfederazioak balantze positiboa egin du 2022. urteaz. Izan ere, KONFEKOOP hazi egin da jarduerari, eraginari, kooperatiba-kopuruari eta enpleguari dagokienez, nahiz eta egoera geopolitiko berriak eragin kaltegarria izan —nazioarteko ordena birdefinitzen ari den Ukrainako gerra, produkzio-ereduak, hornidura-kateak eta ondasun eta elikagaien banaketa—.

    KONFEKOOPeko lehendakari Rosa Lavin harro agertu da kooperatiben sektore ekonomikoaren ordezkari izateaz, lehendakariarekin batera Batzarrari hasiera emateko egindako hitzaldian. Haren esanetan, «kooperatibismoa gai da bizi ditugun aldaketa azkarrei eusteko, eta, ez hori bakarrik, moldatu egiten da eta irtenbide berritzaileak eskaintzen ditu, Euskadi abangoardian kokatzeko, herrialde oparo eta kohesionatua izan dadin».

    KONFEKOOPeko lehendakariak ziurtzat jo du euskal kooperatiben konfederazioa Euskadiko sektorearteko enpresa-elkarterik ordezkagarrienetako bat dela, eta, horren jakitun izanik, garapen ekonomiko eta sozialari ekarpena egiteko beharra duela. «Enpresa kooperatiboen ahotsa, ezagutza eta esperientzia erabakiak hartzen diren leku guztietara iristea nahi dugu», azpimarratu du.

    Gaur egun, legegintzaldi honetan sustatzen ari diren arau-aldaketetan ari da parte hartzen Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa; Estatuko Enplegu Legean, Euskal Enplegu Legean eta Euskal Hezkuntza Legean, besteak beste.

    «2023an hazten jarraituko dugu.Elkartutako kooperatiben kopurua handitzen jarraitu nahi dugu, eta, jakina, enplegu duina eta kalitatekoa sortu nahi dugu», amaitu du konfederazioko buruak.

    Azkenik, arlo sektorialen deskargua egin ostean, hitzaldi batekin amaitu da Konfekoopen Batzarra. Iván Martén Uliarte energia- eta ingurumen-sektoreko adituak eman du «Transición energética e impacto en la competitividad» (trantsizio energetikoa eta lehiakortasunean duen inpaktua) izenburupean.

  • CEPESeko XXXI. Batzar Orokorra Donostian, “Gaur eta bihar, ekonomia soziala” lelopean

    Batzarra Gizarte Ekonomiaren hiriburutzaren harira egindako ekitaldien esparruan egin da. Bertan, gizarte-ekonomiaren esparruko 170 parte-hartzaile baino gehiago izan dira, eta CEPESeko kide diren erakunde bazkide guztien eta Estatuko eta eskualdeko politikarien babesa izan du. Halaber, telematikoki, Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroaren kasuan eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaren eta Eneko Goia Donostiako alkatearen bertan parte-hartzearekin.

    Nazioartean eta estatuan nabarmen handitu da ereduaren onarpena azken urtean, NBEaren, OITen, OCDEren edo Davosko Foroaren Ebazpen eta Gomendioekin. Estatuan, Gizarte Ekonomiaren eta Zainketen PERTErekin, Gizarte Ekonomiaren Espainiako Estrategiarekin, FSE+ekin eta Gizarte Ekonomiaren Lege Integralarekin batik bat.

    Une historiko honen aurrean, CEPESeko presidente Juan Antonio Pedreñok adierazi zuen “egoera horrekin eta aintzatespen horrekin ez dela onargarria negoziazio-mahaietan ez egotea lan-erreforma bezalako funtsezko gaietan, edo gure proposamen asko ia kontuan ez hartzea lege berritzaileen aurrean, hala nola CRECE Legea, Enpresa Berrien Legea edo Enpleguaren Legea, besteak beste”.

    Ekitaldian zehar berretsi egin da KONFEKOOP, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, bazkide gisa atxiki dela, eta gizarte-ekonomiako patronalak 30 bazkide dituela.

    Estatuan, gizarte-ekonomiak 2.300.000 pertsona enplegatzen ditu -enpleguaren % 12-, 43.000 enpresatan baino gehiagotan, BPGaren % 10. CEPESeko presidenteak adierazi duenez, dagoeneko onartuta dagoen PERTEren garrantzia Gizarte Ekonomiarako eta Zainketetarako, 808 milioi eurokoa da, eta 13 ministeriok hartzen dute parte bertan. Halaber, gizarte-ekonomia Europako 2021-2027 Gizarte Funtsaren lehentasunezko helburu gisa sendotzea azpimarratu du. Horretan, Konfederazioak bitarteko erakunde izaten jarraituko du, eta 40 milioi euroko kudeaketa izango du 2029ra arte, produkzio-eredua erakunde eta enpresen bidez eraldatzeko.

    Gainera, hilabete honetan Gizarte Ekonomiako 2023-2027 Espainiako Estrategia berria eta Gizarte Ekonomiari buruzko Lege Integralaren aurreproiektua onartu dira. Pedreñok adierazi zuenez, sektoreko eskari gehienak biltzen ditu, baina lanean jarraitu behar dugu benetan tresna eraginkorra izan dadin gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko.