Categoría: Idioma EU

  • Gaztenpresa Fundazioak 314 enpresa eta 637 lanpostu sortzen lagundu du 2022an

    Donostia Gizarte Ekonomiaren hiriburu izendatu izanak aukera ematen du pertsonak erdigunean jarriko dituen ekonomia bidezko eta jasangarriago bat aldarrikatzeko. LABORAL Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak bat egin du aldarrikapen horrekin, eta 2022ko Jardueren Memoria aurkeztu du Donostiako Kursaal jauregian. Gaztenpresako lehendakari Ibon Urgoiti pozik azaldu da enpresen eta kalitatezko lanpostuen sorreran izan dituzten lorpenekin.

    “Gaztenpresak orientazioa eta laguntza eskaintzen ditu ondorengo etapetan, proiektuei sendotzen eta iraunarazten laguntzeko helburuarekin”

    2022an 314 enpresaproiektu gauzatu dira Gaztenpresaren bitartez, eta horrek 637 lagunentzako lanpostuak ekarri ditu. 1994. urtean sortu zenetik, 12.000 lanpostutik gora sortu dituzten 6.500 enpresa baino gehiago eratzen lagundu du Gaztenpresak. Era berean, LABORAL Kutxaren enplegurako fundazioko lehendakariak Gaztenpresaren bereizgarri diren alderdi kualitatibo batzuk aipatu ditu: «Ez diegu sortutako lanpostuen eta enpresen kopuru hotzei bakarrik begiratu behar; izan ere, Gaztenpresak orientazioa eta laguntza eskaintzen ditu ondorengo etapetan, proiektuei sendotzen eta iraunarazten laguntzeko helburuarekin. Fundazioan oso kontuan hartzen dugu bere bizitza-proiektua aurrera ateratzeko gogotsu ari den pertsona bat dagoela ekimen bakoitzaren atzean».

    Jarraian, hauxe azpimarratu du Lanbideko zuzendari Gloria Múgicak: «Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Gaztenpresarekin elkarlanean, ekintzailetza babesten du, aberastasuna eta enplegua sortzeko bidea baita, eta arreta berezia jartzen du bai gazteengan bai eragin soziala duten proiektuetan, hala nola zaintzen ekonomiari eta ingurumen-jasangarritasunari buruzkoetan». Cristina Dumitrescu Europako Inbertsio Funtseko (EIFeko) mikrofinantzetako inbertsioen kudeatzaileak azaldu duenez, erakundea liderra da Europan mikrofinantzen arloan, eta lan handia egiten du enpresa txikiei eta ertainei laguntzen. Hala, berrikuntza, ikerkuntza eta garapena, ekintzailetza, hazkundea eta enplegua babesteko Europar Batasunaren helburuak sustatzen ditu EIFek. «Kooperatibismoaren balioak gidari dituela LABORAL Kutxak banka sozialaren arloan duen ibilbidea nabarmendu nahi dut; horregatik, koherentea eta erraza da guretzat Gaztenpresarengan konfiantza izatea eta harekin lankidetzan aritzea», adierazi du.

    Jarraian jakinarazi duenez, «EaSI (Enployment and Social Innovation) lerroak 650 milioi euro mobilizatu ditu 2015etik, eta, horri esker, 10.484 mikroenpresa eta 64.500 lanpostu sortu dira, horietako asko Gaztenpresaren bidez». Europako Batzordearen eta Europako Inbertsio Bankuaren babesarekin, EIFek hainbat eremutan jarduteko tresnak ditu, besteak beste, mikroenpresaburuek finantzaketa eskuratzeko dituzten aukerak areagotzeko. EIFek arreta berezia eskaintzen die ohiko kreditu-merkatura sarbide mugatua duten taldeei, adibidez, emakume enpresaburuei, gazteei, talde minoritarioei eta bestelako gaitasunak dituzten taldeei.

    EIFen bermeak garrantzi handiko eragiketak bultzatzen ditu, oso lagungarria baita Gaztenpresak sustatzen dituen proiektuak martxan jartzeko. 2015ean ekin zioten lankidetzari, LABORAL Kutxak 75.000.000 euroko EaSI lerroa sinatu zuenean. Hitzarmena berrituz joan da gaur egunera arte. Bruselan egin zen sinadura ekitaldia eta Europan ordura arte sinatutako lerrorik garrantzitsuena da. Bukatzeko, Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak 2022ko Memoriaren edukia aipatu du.

    Enpresa-proiektu batek osatu behar dituen etapak eta sortzen diren enpresak sendotzeko Fundazioak eskaintzen duen laguntza berezia nabarmendu ditu. «Gure ereduak diagnostiko integrala eta ekintzailearentzako ibilbide-orri pertsonalizatua eskaintzen ditu. Hori dela eta, proiektuen biziraupen-tasa oso handia da: egitasmoen % 69k martxan jarraitzen du bost urte igaro ondoren. Batez bestekoaren oso gainetik», azpimarratu du Fundazioko zuzendariak.

    “2022an 3.212 eskaera jaso dira, horietatik % 64 kanal digitalaren bidez”

    Laguntza osoa ekintzaileei Zikloa hasteko, ekintzaileak bere ideia aurkezten du. 2022an 3.212 eskaera jaso dira, horietatik % 64 kanal digitalaren bidez. Ideiari buruzko lehenengo azalpenetik hasita, ekintzailetzan aditua den pertsona baten laguntza du ekintzaileak. Diagnostiko-fasean teknikari adituek ordu asko ematen dituzte eskaera guztien kasuistika aztertzen. Era berean, Gaztenpresako lantaldeak laguntza eta aholkularitza eskaintzen du negozio-plana eta -eredua diseinatzeko eta ebaluatzeko. Bideragarritzat jotzen diren proiektuak finantza-egitura egokia bilatzeko etapara igaroko dira. Proiektuen finantzaketa funtsezko alderdia da.

    2022an sortutako 314 enpresetatik % 82tan kanpoko finantzaketa lortu behar izan da. Proiektu bakoitzeko batez besteko inbertsioa 87.500 €-koa izan da. Zenbatekoaren % 40 baino gehiago mailegu bidez finantzatu da; izan ere, premisatzat dugu ideia baliagarri bat bera ere ez dadila eten finantzaketarik ez duelako. Hasieratik, 192 milioi euro bideratu dira ekintzailetza-proiektuen inbertsio-beharrei aurre egitera. Enpresa abian jartzearekin ez da amaitzen ekintzailetza-zikloa, orduan hasten baita finkatze-fasea esaten zaiona.

    Gaztenpresak jarraipena egiten die sortutako enpresei, eta laguntza eskaintzen die merkatuan jarrai dezaten eta kudeaketaohitura egokiak har ditzaten —lan garrantzitsua egiten du ildo horretan—. Hala, hausnarketarako jarraibideak eskaintzen dizkie, prestakuntzako material eta guzti, edo espezifikoagoak diren laneratze-programetara bideratzen ditu. Ondoren, tutore pertsonala esleitzen die. 2022an, 1.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte enpresak finkatzeko ekintzetan. Ekintzailetzaren profila Gaztenpresan Sortzen diren enpresen % 80 zerbitzuen sektorekoa da. Ekintzaileen erdia emakumeak dira, eta beste erdia gizonak, eta batez beste 39 urte dituzte. Ekitea erabakitzen dutenen % 73k ez du unibertsitate-ikasketarik, eta % 47 lanean ari dira Gaztenpresara etortzen direnean. Enpresa berrien forma juridikoari dagokionez, % 73k enpresaburu indibiduala izatea aukeratzen du.

  • Pertsonak jarduera ekonomikoaren erdigunean jartzeko beharra aldarrikatuko du Donostiako Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzak

    Pertsonak ekonomiaren erdigunean izango da 2023ko Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren leloa. Donostian egoitza duen Gureak gizarteratze-enpresan egin da gaur, otsailak 24, irekiera-ekitaldia, eta bertan izan dira Hiriburutza babesten duten lau erakundeetako ordezkariak (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua), baita gizartea egituratzeko eta kohesionatzeko duen ahalmenagatik, pisua eta garrantzia hartzen ari den Gizarte Ekonomiaren alorreko dozenaka enpresa, elkarte eta erakundetako arduradunak ere.

    Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren Gizarte Ekonomia Sustatzeko Kontseiluarengandik jasotako izendapenaren helburua, hain zuzen, Gipuzkoako Gizarte Ekonomiaren enpresa-ehunari balioa ematea da, eta halako erakunde gehiagoren sorrera bultzatzeko eredugarri diren ekimen eta esperientziak ezagutaraztea.

    Hiriburutzaren 2023ko agendak ekitaldi ugari izango ditu. Programa prestatzeko, elkarlanean aritu dira lurraldeko, Espainiar estatuko eta Europako Gizarte Ekonomiako eragileak, baita alor honetako hainbat enpresa eta erakunde esanguratsu ere.

    Ekitaldian izan dira Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Juan Antonio Pedreño CEPES Gizarte Ekonomiako Espainiako Enpresarien Konfederazioko eta Social Economy Europe-eko presidentea, eta Rosa Lavin EGES Euskal Gizarte Ekonomia Sareko eta KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea.

    Gureak-eko zuzendari nagusi Asier Vitoriak ongietorria eman die ordezkari politikoei zein saiora bertaratu diren Gizarte Ekonomiaren alorreko dozenaka arduraduni. Bertan izan dira, besteak beste, Mondragon Korporazioko Iñigo Ucín eta Leire Muguerza; Eroskiko zuzendari nagusi Rosa Carabel; Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa; CSCE Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidente Patxi Olabarria; ASLE Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteko presidente eta zuzendari Kepa Olivares eta Jone Nolte, hurrenez hurren; FUNKO Fundazioen Euskal Konfederazioko presidente Esther Irigaray; REAS Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareko lehendakariorde Ricardo Antón; EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteko koordinatzaile Pablo Moratalla, eta GIZATEA Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkarteko Gipuzkoako lehendakariorde Iune Polo.

    Asier Vitoria Gureak-eko zuzendari nagusiak aurkezpenaren hasieran azpimarratu duenez, “Gure eguneroko jardunean, bete-betean gauzatzen dugu hiriburutzaren leloa, pertsonak jartzen baititugu erdigunean, eta ez hori bakarrik: lana aurkitzeko zailtasun gehien dituzten pertsonak kokatzen ditugu erdigunean, alegia, desgaitasun intelektuala duten pertsonak eta, geroz eta maizago, gaixotasun mentalak dituztenak”.

    Pertsonak ekonomiaren erdigunean

    Kapitalaren gainetik, pertsonei eta enpresaren helburu sozialari ematen die garrantzia Gizarte Ekonomiak. Jarduera ekonomikoaren bidez lortutako emaitzak, egindako lanaren eta bazkideek garatutako zerbitzu edo lanen arabera aplikatzen ditu, eta barneko zein gizartearekiko elkartasuna sustatzen du, tokiko eta lurraldeko garapenarekin duen konpromisoa berretsiz.

    Gizarte Ekonomiaren aterkipean hainbat erakunde mota biltzen dira, hala nola, kooperatibak, lan-sozietateak, gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziak, laneratze-enpresak, desgaitasunaren mugimenduarekin eta bazterkeria-egoeran dauden pertsonak gizarteratzearekin lotutako elkarteak, fundazioak, arrantzale-kofradiak edo jarduera solidarioetako mutualitateak eta elkarteak. Aniztasun horrek ikaragarrizko balioa ematen dio taldeari.

    Espainian, Gizarte Ekonomiaren garrantzia nabarmena da: 43.192 erakunde, zuzeneko eta zeharkako 2.184.234 lanpostu eta 21.625.063 bazkide daude egun.

    Zentzu horretan, Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak nabarmendu du Gobernuak eredu ekonomiko horren eta haren eragin eraldatzailearen aldeko apustu argia egin duela. “Eredu horrek demokraziaren benetako esanahiarekin bat egiten du, eta pertsonak, kolektiboa, etorkizunerako irtenbide ekonomikoen muinean kokatzea lortzen du. Gainera, Donostia egoitza gisa aukeratzerakoan, Europako nazioarteko testuinguruan euskal Gizarte Ekonomiaren sareak eta hura definitzen duten elkarlan-, lankidetza-, inklusio- eta berdintasun-balioek duten pisuan eta garrantzian jarri nahi izan dugu arreta”.

    Juan Antonio Pedreño CEPESeko eta Social Economy Europe-eko presidenteak adierazi duenez, “Gizarte Ekonomiaren enpresa-eredua Europako agendaren erdigunean eta nazioarteko erakundeen jomugan dago. 2023aren bigarren seihilekoan, gainera, Espainiak izango du Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentetza, eta Donostiaren Hiriburutza aukera paregabea izango da Espainiako Gizarte Ekonomiaren indarra Europako eta munduko gainerako herrialdeei erakusteko”.

    Euskal Gizarte Ekonomia

    Euskadiko Gizarte Ekonomia, nagusiki, esperientzia ekonomikoa da, enpresa- eta finantza-maila altua dituena, baita industria-jarduera garrantzitsua ere, eta elkarte-mugimenduarekin edo kontsumo-kooperatibekin lotura handiagoa duten munduko esperientzia gehienekiko ezberdina da.

    Kooperatibismoa, zalantzarik gabe, lurraldearen ezaugarri nagusietako bat da: Euskadiko Gizarte Ekonomiako enpresen erdia baino gehiago kooperatibak dira, hamarretik lau industria-kooperatibak dira, eta enplegu-zentro berezietan lan egiten duten pertsonen erdia baino gehiago, industria-sektorean ari dira.

    Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiak nabarmendu duenez, “Elkartasuna, lankidetza, lurraldean errotzea (mundura zabaltzeari uko egin gabe) eta langileen parte-hartzea, funtsezko balioak dira jarduera ekonomiko ororentzat, eta datozen urteetan bereziki kontuan hartu beharreko alternatiba bideragarri eta eraginkorra dira. Bada, Gizarte Ekonomiak berezkoak ditu balio horiek”.

    EGESeko eta KONFEKOOPeko presidente Rosa Lavinek, aldiz, Gizarte Ekonomiako euskal enpresek industriaren alorrarekin duten loturan jarri nahi izan du arreta, erreferente baitira nazioartean: “Euskal enpresa-sarean, Gizarte Ekonomiak berrikuntza, industria eta gizarte arloko tasa nabarmen handiagoak ditu, eta Euskadiko garapen ekonomikoaren palanka eta bereizgarri nagusietako bat bilakatu da, gure ekonomia are lehiakorragoa egiten baitu. EAEko Gizarte Ekonomiaren ekarpena Euskadiko enpleguaren eta BPGren % 10 ingurukoa da, eta jarduera ekonomikoa pertsonen eta haien ingurunearen zerbitzura dagoela ulertzeko dugun modu berezi horri eusten dio”.

    Gaur egun, Gizarte Ekonomiaren alorreko 2.100 enpresa eta 75.000 lanpostu daude Euskadin, eta 13.000 milioiko fakturazioa du.

    Gipuzkoako Gizarte Ekonomia

    Gipuzkoari dagokionez, Gizarte Ekonomiaren baitan egituratutako lurraldea dela esan genezake; izan ere, lurraldearen maila ekonomikoa eta kohesio soziala ezin dira bertan ezarritako enpresa kooperatibo garrantzitsuen presentziarik gabe ulertu. Gainera, kooperatiba-dentsitatea oso esanguratsua da eskualde jakin batzuetan, besteak beste, Debagoienean, Goierrin eta Donostialdean, eta parekorik ez duen enpresa-ingurunea osatzen dute, bertan finkatutako lan-sozietateek eta zaintzaren eta desgaitasunaren eremuetan jarduten diren gizarte-ekonomiako beste erakunde batzuek ere horretan laguntzen baitute.

    Lurraldeko eta tokiko erakunde publikoak erabat konprometituta daude Gizarte Ekonomiarekin, eta bertatik eratortzen dira lurraldearen artikulazio sozial eta ekonomikoaren alderdi nagusiak, hala nola, parte-hartzea bultzatzea, agenda publikoa modu kolektiboan eraikitzea edo politika publikoak diseinatzeko eta esperimentatzeko lankidetza.

    Izan ere, Gizarte Ekonomiak Gipuzkoako enplegu osoaren % 10,2 biltzen du, 44.000 langilerekin, eta industria-enplegu osoaren % 20,1 da.

    Markel Olano ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, “Hiriburutza honen bidez, Gipuzkoan iragana, oraina eta etorkizuna dituen errealitate bat aitortu da, gure historian eta balioetan errotuta dagoena. Gure industria-garapenaren oinarrian dagoen partaidetza-eredua, eta enplegu babestuaren bidez, norbanakoak gizarteratzen lagundu duena. Esparru horietan jada erreferente gara, eta hiriburutzaren mugarria aprobetxatuz, indartzen jarraitu ahal izango dugu”. Hala, bazterketa-arriskuan edo -egoeran dauden pertsonen gizarteratzean eta laneratzean ere erreferente izateko helburua ezarri du Olanok; uneotan, Elkar-EKIN Lanean estrategiaren bidez ari da Aldundia alor horretan lanean.

    Zergatik Donostia?

    Donostia, Gipuzkoako hiriburu den aldetik, enpresa-elkarteen erreferente garrantzitsua da gaur egun. Lankidetza publiko-pribatua, ezagutza, berrikuntza eta oreka ekonomikoa erakartzearen alde egiten duten estrategiekin konprometituta dago hiria, pertsonak erdigunean jarriz. Gainera, Estrategia 2030ean islatzen den bezala, oreka hori, besteak beste, kooperazio- eta lankidetza-balioetan oinarritzen da. Hirian Gizarte Ekonomiaren hainbat adibide ditugu, berrikuntza eta abangoardia teknologiko eta kulturaleko eremuak jorratzen dituzten fundazio ugarirekin, eta desgaitasuna duten pertsonak eta kooperatibismoa gizarteratzeko eta laneratzeko zentroak ditu merkataritzaren, finantzaren edo/eta unibertsitateen alorretan.

    Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, “Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzak pertsonak ekonomiaren muinean jartzea du helburu. Urtean zehar egingo diren ekintza eta jarduerek xede hori izango dute, eta Hiriburutzak, Donostia eta Gipuzkoaren erreferentzialtasuna zabaltzen laguntzeaz gain, gainerako eragile eta lurraldeekin esperientziak partekatzeko balioko du, ekonomiaren alor hau indartuz eta ezagutaraziz”.

    Jardueren egutegia

    Lurraldeko, Espainiar estatuko eta Europako eragileekin lankidetzan garatutako jardueren agendak ekitaldi ugari izango ditu. Gainera, Gizarte Ekonomiako elkarte adierazgarrienek hirian egingo dituzte haien urteroko batzarrak.

    Programaren barruan, honako ekitaldi hauek nabarmentzen dira:

    · Kooperatiben Nazioarteko Eguna. Uztailaren 1ean, Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentetza hartuko du Espainiak, eta lehen egun horretan, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, KONFEKOOPekin lankidetzan, Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatuko du, Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak eta Nazio Batuek Donostiatik igorriko duten ekitaldi batean.

    · Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Goi-Bilera: Gizarte Ekonomiaren eragina eraldaketa-eragile gisa. Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak antolatuko du, Europako Batzordearekin, Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearekin, eta Eskualdeen eta Gizarte Ekonomiaren Europako Batzordearekin lankidetzan. Goi-bilera azaroaren 13an eta 14an izango da.

    · Enpleguaren Azoka. Lanbidek antolatuko du, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzarekin batera, eta Gizarte Ekonomiako familia ezberdinetako enplegu-proposamenak bilduko dira.

    · Partaidetzapeko Enpresen Eguna. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuko du, eta enpresetan eredu parte-hartzaileak sustatzeari eta ezartzeari buruzko ezagutza, errealitateak eta erronkak partekatzeko helburua izango du, atzerriko eta lurraldeko ikuspegietatik.

    · Gizarte Ekonomiaren Europako Sariaren bigarren edizioaren banaketa. EGES eta Social Economy Europe erakundeek antolatuko dute, eta komunitateak babesten eta aberasten dituzten Gizarte Ekonomiako enpresen eta erakundeen lana sarituko du, gizarteari ekarpena eginez.

    · Gizarte Ekonomiaren Jaialdia. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzak antolatuko du, Gizarte Ekonomiako familiekin elkarlanean.

    · CSCEk antolatutako euskal kooperatibismoaren Denon Artean sariaren hirugarren edizioaren banaketa. Sariak balio kooperatiboak zabaltzen eta sustatzen egindako lana goraipatzen du.

    Gainera, programak honako arlo hauekin lotutako ekitaldiak barneratuko ditu:

    Industria

    · Enpresa industrialetara bisitak. Ezkutuko txapeldunak diren (hau da, merkatuan ezkutuan dauden baina beren sektorean liderrak diren) Gizarte Ekonomiako enpresa industrialetara eta B2B (Business to Business) enpresetara bisitak.
    · Gizarte Ekonomiaren industriaren topaketa, fokua turismoan jarrita (MONDRAGON Hospitality + ILUNION Hoteles).

    Ikerketa

    · Ikerketa-enpresen zabalkundea. Teknologia- eta ikerketa-zentroen sarea, neurri handi batean, irabazi-asmorik gabeko erakundeek osatzen dute. Donostian, eta baita Gipuzkoan ere, oso kontzentratuta daude I+G+b sisteman eragin handia duten zentro horiek.

    Zabalkundea

    · Gizarte Ekonomiari buruzko elkarrizketak, nazioarteko gonbidatuekin.
    · Ikasleentzako elkarrizketa-jardunaldiak.
    · Euskal kooperatibismoari buruzko EHUren eta UEUren udako ikastaroak.
    · Gizarte-ekonomiak lurraldean duen eraginari buruzko jardunaldiak.
    · Europako Parlamentuko Intertaldearen bilera.

  • Nazioarteko Ekintzailetza Kooperatiboko Think Tank bisita

    Bruno Roelantsi agur esango diogu, ACIko zuzendari izateari utziko baitio, eta Nazioarteko Enpresa Kooperatiboari eskainitakogatik eskerrak emango dizkiogu.

  • Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren berrogeigarren urteurrena

    Kooperatibagintzaren promozioa eta zabalkundea bermatzeko, eta kooperatiba arloko euskal administrazio publikoen aholkularia ere bada. Kooperatibismoaren eragile guztientzako tresna ERAKARGARRIA izan nahi du, eta BALIAGARRIA, haiek ERALDAKETA EKONOMIKO ETA SOZIALERAKO dituzten asmo komunak lortzeko. Kooperatiben arloan, sustapen, zabalkunde, arbitraje, kontsulta eta aholkularitzarako eta lankidetzarako eginkizunak ditu. Kontseiluaren Osoko Bilkura KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko 10 kidek, Eusko Jaurlaritzako 3k, Foru Aldundietako 3k, Euskal Herriko Unibertsitateetako 3k eta idazkari nagusi tekniko batek osatzen dute.

    Aurten 40. urtebetetzea ospatzen du eta, hori dela eta, ekitaldi bat antolatu du datorren otsailaren 27an, 12: 00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta gure Elkarteko kide guztiak gonbidatuta gaude.

    Hauxe da ekitaldian izena emateko esteka:

    IZENA EMAN